XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dorretxeak.

Eskualdeko leinu ezberdinen artean izandako gatazka odoltsuen ondorioz eraiki ziren Dorretxeak ugariak dira haran hauetan.

Berauetako asko suntsituak izan ziren edo jauregi bihurtu.

Aipatzekoak dira: - Terreros Dorretxea (Herrera auzategian, Zallan), moztua izan zen arren oraindik 20 metro baino gehiagotako garaiera duena.

- Oxirando Dorretxea, landa-jauregi bihurtua, eta Ibarguen Dorretxea, Gordoxolan biak.

- Saratxaga Jauregia (Guenesen), gaur egun eskualdean garrantzi historiko handia izan zuten Kuadra-Salzedotarren senideei lotua.

Herri honetan azpimarretzekoa da ere Udaletxearen eraikin bikaina.

- Amezagatarren Etxea (Sorgienen Jauregia), egin diren saiakuntza ugariak izan arren eraikuntza bukatu gabe dagoela, horrexegatik beronen inguruan legenda bat sortu delarik.

Hurtado Amezagatarrek eraiki zuten Felipe V.ari ostatu emateko.

Jolasaldeak.

Toki ederretan kokaturik daude eta burduntzi, mahai eta iturriez horniturik: Garbea (Balmaseda gainean), Santxosolo (Guenesen), Breña (Sollanotik hurbil, Zallan) eta Gordoxolako Berbikezekoa, izen bereko elizaren ondoan.

Meatzaldea.

Trianoko Mendiak egituraz koska eta haustura asko dituen Bizkaiko Antiklinalari dagozkio.

Egitura honek bertan dauden materialen mineralizazioa erraztu du, eskualdean burdin meategi garrantzitsuak sortuz.

Erromatarren garaitik ezagunak diren meatoki hauek, joan den mendeko hasieran hasi ziren haundika ustiatzen.

Ustiaketa honek gehikuntza demografiko handia ekarri zuen, meatzarien ohizko habitata diren barrakoi edo etxe lerrokatuek osatutako auzategi berriak sortaraziz (Zugaztieta, Larraineta...) eta aintzinako landa-etxemultzoak etorkinentzat hirigune bihurtu zirelarik (Ortuella, Gallarta, etab.).

Meatoki hauetako gehienak itxita daude, agortu direlako edo errentagarritasun gutxi eskeintzen dutelako, ondorioz biztanleriak garapen ekonomiko handiagoko lekuetarantz emigratu duelarik.

Ingurunea gizakiaren lanak higatua dago, urteetan zehar Gallarta, Zugaztieta, Trapagaran, Galdames eta Sopuerta aldean lurrari mea kopuru handiak atera dizkiolako, ekosistema gehien aldarazi eta paisaiaren oraingo eiteak eratu dituzten ustiakuntzak agerian egindakoak izanik, eskualdean bere sasoian bizi zirenen ohizko bizimodua ziren nekazaritza eta abelazkuntza bertan behera uztea ekarriz.